XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BRIGELA - (Aparte) Zer ari naiz ikusten? Zer da hau? Hau ez da Federiko, Beatriz anderea, haren arreba baizik. Ea zeren bila dabilen azpijoko honekin.

PANTALON - Harritzen nauzu!... Pozten naiz bizirik eta osasunez ikusteaz, berri txarrak hartuak bai ginen. (Doktoreari isilka) Jakizu oraindik ez dudala sinesten.

BEATRIZ - Badakit: sesio batetan garbitu omen ninduten. Jainkoari eskerrak, zauritu besterik ez ninduten egin eta, osatu bezain laster, Veneziarako bideari heldu nion, aspaldi erabaki genuen bezala.

PANTALON - Ez dakit zer esan! Hitzeko gizona dirudizu, baina baditut esku artean froga ziurrak eta zehatzak Federiko jaunaren heriotzaz; beraz... kontrakorik erakusten ez badidazu...

BEATRIZ - Zure zalantzari bidezkoa derizkiot: neure burua zuritu beharrean nago. Hona hemen bion adiskide diren lau pertsonaren gutunak; hauetariko bat gure Bankuko Presidente jaunarena da. Sinadurak ezagutzean sinetsiko duzu (Pantaloni ematen dizkio lau gutunak; begiz irakurtzen ditu).

KLARISA - (Silbiori, isilka) Ai, Silbio! Galduak gara!

SILBIO - Bizia galduko dut, baina ez zu! (Klarisari isilka)

BEATRIZ - (Brigelari oharturik; aparte) Galdua naiz! Brigela ere hor dago! Zer arraio egiten ote du hor?... Ziur ezagutuko nauela; ez nuke agirian jartzerik nahi. (Brigela, ozenki) Ezagutzen zaitudala esango nuke, adiskidea...

BRIGELA - Halaxe da, jauna. Ez al duzu gogoan? Brigela Cavichio, Torinoko hura.

BEATRIZ - A bai... oraintxe gogoratu naiz!. (Brigelagana hurbilduz) Zer zabiltza Venezia aldetik, jaun agurgarri hori?. (Brigelari, isilka) Jainko maitearren, ez nazazu agirian jar!

BRIGELA - (Beatrizi isilka) Zaude lasai. (Berari, ozenki) Ostalaria naiz, zure zerbitzuko...

BEATRIZ - Ene! Hori esan, zurekin topo egiteko zoria izan dudanez gero, zurean hartuko dut ostatua.

BRIGELA - Ohore handia egingo didazu. (Aparte) Zer ote darabil honek esku artean?

PANTALON - Argi dago: gutun hauek Rasponi jaunaz ari direnez gero eta aurkezlea ere bera denez gero, derrior sinetsi beharko... zeu zarela hemen aipatutakoa.